XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idazkian barrena, euskararen etsai dakuskin etxekoei bezala arrotzei erasotzen die, umorez baina lazki, eta ez ditu leku politean utziko:

No son otra cosa que enemigos rateros que metidos como ranas en un charco cenegoso de necedad e ignorancia, tienen abilantez para parlar mientras no se les tirsa una piedra.

Gerora ekarriko duen lehen euskal gramatika iragartzerakoan, ziur da etsaiengan irribarreak eragingo dituela, baina berak algaraz erantzungo die gramatika eskutan izango duenean, nori eta sekula santan euskara arauetara eraman ezin zezakeenik uste izan duten guztiei.

Ezina delako hori egia bihurtzea, itxura zeharo txundikorrak ikustekoa da Larramendi, beraxek hala dionez.

Bestalde, beste pasarte batean azaltzen duen euskal herkideenganako kezka nabaria da: ez dute, ez, etxeko altxor ahaztuaren berri eta estimu askorik, dio, eta hartara omen dator bera, euskara lurpean gustora ikusiko luketenen aurrean beronen duintasuna defendatu eta bere baitan dituen gaitasun berebizikoak ezagutzera ematera.

Apologiaren bidetik, betidaniko zenbait ideia garatuaz mamia aterako die.

Hotako bat euskararen aintzinatasuna errebeindikatzean zetzan eta obra honek ematen dio parada; ez dabil txantxetan eta sekula baino sutsuago saiatuko da bere horri eutsiz.

Argi asko zituen gauzak euskararen sorburua aztergai zekarren aldiko, eta Erdi Aroko historian oinarritzen da honoko honetan ere beste behin: euskal mintzaira, Espainiako zaharren artean zaharrena omen zen, garai batean lurralde honetan unibertsala eta penintsulako lehen biztanleen ahotan entzuna, eta ondorioz euskaldunak lehen iberotarrak baino ez ginateke izanen.

Sorburu historikoaren aipamen guztiok oinarri gisa erabiltzen ditu bere ondorengo baieztapenerako: euskararen bidez azal daitezke gaztelerazko hitz frankoren etimologiak, eta hortaz, ezin daiteke euskarari jaramonik egin gabe gaztelaniar hitzen jatorririk etimologiarik atera akademiko espainiarrak aritu ziren legez.

Hortan geratu ezin eta, andoaindarrak, 1726eko Real Academia Españolaren hiztegian ageri diren gaztelerazko etimologiak hartu eta, ordainean baina alderantziz, euskal jatorria izendatuz Atik B letra bitarterainoko hitz gaztelar mordo bat aurkezten du zerrenda batean.